martes, 17 de febrero de 2009

Casa Rodriguez 4-1 Belkara

Bi partidu eta beste hainbeste garaipen eskuratu ditu Casa Rodriguez taldeak txapelketako hasiera honetan. Egia esan, norgehiagoka aldapan gora jarri zen aurkariaren jokalari kopurua sei partaideetara soilik iristen zela jakin zenean baina hala eta guztiz ere bi zatien denborak seriotasunez jokatuak izan ziren.

Partiduari, azken aldian gertatzen ari den bezala, oldarkor ekin zion taldeak eta ez zen denbora alperrik igaro, hamargarren minutuaren bueltan Thorin eta Ibanen arteko jokaldi bat, lehenengoak amaitu zuena, sare barrura joan zen arte alegia. Aurkariak ez zuen ezer egin lehen zatia guztian eta Iñakik lan gutxi izan zuen, izan zuen apurra ederto konponduz. Bigarren golak ere ez zuen itxaroten egoteko gogo askorik eta horrela, Azpik markagailuko aldea handitzea lortu zuen bere ehiztari lana egoki beteaz. Aukerak oso sarritan gertatzen ziren baina aurkarien atezainak lan txukuna egin zuen eta eraso asko bertan behera geratu ziren. Honela, lehen zatiaren hondarrera iritsi ziren bi taldeak.

Bigarren zatia ildo beretik joan zen eta aukerak are eta garbiagoak nahiz denbora gutxiagoren baitakoak bilakatu ziren. Kontraerasoak biderkatu egin ziren eta atezainaren aurrean izandako jokaldiak kontaezinak izan ziren baina lehen zatian gertatu zen bezala jokalari honen erantzunak bikainak izan ziren. Hala ere, hainbeste abaguneen artean bik argia ikusi zuten Txominen eskuin hankaren gozotasuna nabaritu ostean. Aipatzekoa da azken honi eginiko penaltia, eskuzabaltasunez botatzeko Gorrotxari eskaini ziona baina berriz ere eskularruak zituenaren irudia agertu eta berau geratu zuen… lastima! Partiduaren amaierako minutuak taldekideen bakarkako dohainak erakusteko izan ziren eta honen ondorioz markagailua puztu ordez Belkararen gola jasan behar izan zuen talde orlegiak area ttipian inongo eragozpenik gabe aldaratze bat baliatu ostean.

Gauzak honela amaitu ziren arauzko berrogeita hamar minutuak eta hiru puntuak eskuratu ziren. Azken hauen ondorioz sailkapenaren gailurra lortu da eta espero dezagun txapelketaren amaiera arte bertan tinko egotea. Puntuak sakelean sartu ziren baina partiduko azken minutuetako itxura baztertu beharreko zerbait izan beharko luke datozen konpromisoetarako. Besterik ez kazetari honen aldetik, ondo igaro astea eta zintzoa izan!

domingo, 8 de febrero de 2009

Aiscumi FC 2-4 Casa Rodriguez

Hasiera ona eman dio Casa Rodriguezek bigarren mailara igotzeko ibilaldi berriari, gaur eguerdiko 12:00tan jokatu den partidan garaipena eskuratu ondoren. Bitxikeri batekin batera iritsi gara partidura, Gorrotxa eta taldeko beste lau partaide autoa ezin martxan jarrita egon baitira baterian zuen matxura baten gatibu eta honen bidez ezin izan da beroketarik burutu. Bigarren bitxikeria bezala kazetari batek atera duen argazkia izan da, ondoren DV-en agertuko dena.

Badirudi giharrak hotzak izanik ere, jokalariak dena emateko daudela Clausurako aresti honetan, izan ere, talde orlegiaren jokoa bikaina izan baita partiduaren lehen txanpan. Aukerak sortuz, baloiaren jabetza mantenduz eta lasaitasunez ekin diote norgehiagokari eta hori gutxi balitz oso aurpegi oldarkorra erakutsi dute. Guzti honen sari gisa iritsi da denbora luzez zelaietatik at egon den jokalariaren gola, Juanjorena alegia, ezkerkada batekin aurkarien atezainaren geldiketa saiakera bertan behera utziz. Denbora pasa ahala Casa Rodriguezen nagusitasuna gorantz joan da eta hori probestuz ondo eraikiriko kontraeraso batean Juanjok arearen bihotzera pase zehatz bat eman eta bertan agertu da Thorin, hainbeste lo kendu dizkion gola sartzeko ezkerrarekin baloia sare barrura bidaliaz. Momentu gozoak izan dira horiek taldearentzat, markagailuan bi eta hutsekoa ikusiaz batera joko ona egiten jarraitu dute eta. Hala ere lehen zatiaren hondarrean gola erdietsi du Aiscumi taldeak, Iñakik geldituriko erdiraketa-jaurtiketa baten aldaratzea probestuz. Honekin batera eman dio epaileak amaiera lehen 25 minutuei.

Bigarren zatian taldeak defentsa postuak erabili ditu gehienbat aurkariak baloi ugari bidali baititu Iñakiren ingurumarietara. Hala ere, ondo eutsi die saiakera horiei eta horretan zenbiltzala, Ibanek zutoina eta langa elkartzen diren lekuko armiarma-sareak garbituaz gol zoragarri bat sartu du taldeak behar zuen lasaitasuna bermatuz. Ez dira hor bukatu ordea gaur goizeko ezustekoak, aurkariaren korner jaurtiketa baten ondorioz, aurrelariak inongo eragozpenik gabe buruz gola sartu du eta. Hau izan da Casa Rodriguezen defentsako akats larri bakarra partiduan zehar. Pultsua ordea tinko mantendu du taldeak eta beldurtu ordez laugarren golaren bila ibili dira… eta baita lortu ere! Julenen alboko sake bortitz batek Azpiren burua aurkitu eta azken honek eman dion norabide bikain baten fruitu baloia atezainaren eskuin zutoinaren ondotik sartu da. Ez du askoz gehiagorako astirik eman baina esan beharra dago markagailua askoz aberatsagoa izan zitekeela epaileak pare bat penalti ikusi balitu.

Azkenean garaipen on bat lortu da eta taldeak konfiantza berreskuratzeko ongi etorriko diren jokaturiko lehen hiru puntuak sakelean gorde ditu. Besterik ez kazetari honen aldetik, aste ona izan eta hurrengo asteburuan berriz elkartzeko aukera izango dugu. Aupa berdeal!