miércoles, 21 de octubre de 2009

Viajes Easo 4-3 Aguirre Autoak

Larunbatean astebeteko atsedena ondoren bigarren mailako txapelketa futbol zelaitara itzuli zen. Honako honetan Felix Garin zelaian jokatzea egokitu zitzagun amaratarroi. Aldez aurretik eta esperientziari esker bagenekien aurki dezakegun zelairik okerrenean jokatzea egokitu zitzaigula eta gure aurrean 1. mailan jokatutako taldea izango genuela.

Taldeak txapelketan izena eman zuenetik ohitura bihurtu den moduan taldea aurretik jarri zen markagailuan, eta nola ez golegilea Azpi izan genuen. Hala ere, taldeari pozak ez zion asko iraun, aski ezaguna dugun Egoik berdinketaren gola sartu baitzigun jokaldi nahasi batean. Badira urteak Egoi eta Azpik aurrelari moduan juntu jokatu zutenak eta bazirudien batak besteari gehiago zein zen erakutsi nahi zirela. Atsedenera aldeko 3-2 markagailuarekin iritsi ginen, gol guztiak taldeko bi golegileek sartu zituztelarik. Atsedenean beste batzuetan baino lasaitasun gehiago erakutsi zuen taldeak, kontzentratuak geunden eta behingoagatik zertara jokatuko genuen erabaki genuen. Ez genuen zertan aurrera bururik gabe jo behar, aldeko markagailua genuelako eta salbuespenak kenduz taldeak jarrera defentsiboa hartu zuen, ondo ateraz gainera.

Esan bezala, 2. zatiko jarrera defentsiboagoa izan zen eta kontraerasora jokatu genuen. Hauetako batean, ondo burututako jokaldi batetan (bikain burututako pareta batekin) Salegik lasaitauna ekar zezakeen gola sartu zuen, dudosoa izan zen arren gola izan zen. Denboraldiko estreinaldian gola eta jarrera egokiak erakutsi zituen taldeko 7ak. Baina partidua ez zen hor amaitu, Egoik bere hat-trik partikularra sekulako golakin burutu zuen. 4-3 markagailuarekin iritsi ginen amaierara, baina ez da ahaztu behar partiduko azken jokaldian Azurrek burututako gelditua.

9 puntutik 9 sakelean ditugu, ez dago gaizki igo berria den talde batentzat, jarrai dezagun horrela!

viernes, 16 de octubre de 2009

Visual 2-3 Viajes Easo

Aurreko larunbateko partiduan Amarako taldeak denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen, hala ere, partiduan bi aurpegi oso ezberdinak erakutsi zituen taldeak. Lehengo zatian talde serio, kontzentratu eta buruarekin jokatu zuen talde bat ikusi ahal izan genuen, bigarrenean bestalde, talde urduria, konfiantza gehiegirik gabe eta larri pasa zuena partidua aurrera ateratzeko.

Lehen zatian futbol 7n daramagun denbora honetan normala den bezala taldeari partidua alde jarri zitzaion gure pitxitxiak bi gol ia jarraian sartu ondoren, azpimarratu behar da horietako gol bat ohitura bihurtzen ari den jokaldi batetik etorri zela, hau da, Juss-ek alboko luze bat jarri eta Azpik burua. Golak sartu arren taldeak serio jarraitu zuen eta golenbat gehiago sartzeko aukerak izan zituen. Denbora pasatzen zihoan heinean taldeak konfiantza gehio zuen bere aukeretan, baina hauetako batean kontrako penaltya adierazi zioten, inondik inora izan ez zen penalty bat adierazi zigutela azpimarratu behar da. Penaltya gelditzeko zorian izan genuen Iñaki baina golean amaitu zen jaurtiketa.

Gol honek taldea urduritu egin zuen beste askotan gertatu izan zaion bezala, eta hau argi eta garbi adierazi zen zelaian bigarren zatian. Honela, aurkariak partidua berdintzea lortu zuen taldeak defentsa lanetan burututako huts galant bati esker. Taldea burumakur zegoen baina hortik oso gutxira gure pitxitxiak Olaizola jaunak maisutasunez burututako jokaldi baten ostean taldea berriz ere aurretik jarri zuen. Hortik aurrera ez zen ezer interesgarririk pasa eta taldeak denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen.

Asteburu honetan taldeak erronka gogor bat du liderraren aurka, ez da ahaztu behar beraien adina puntu ditugula guk ere.

lunes, 28 de septiembre de 2009

Viajes Easo 2-1 Bar Mondra Zelaitxo

2009-2010 denboraldia abian jarri zen iraileko azken asteburuan, egun hau iristeko irrikitan zeuden Casus Belli taldeko kideak, batez ere aurreko denboraldian asko jokatzeko aukerarik izan ez zutenak.

Taldeari Usurbilen egokitu zitzaion maila berria eta izen berria estreinatzea.Taldea udan zehar gogotsu izan da erronka berriari aurre egiteko eta orain iritsi zaio gogo eta ilusioak zelaian erakusteko.

Partidu hasierarekin batera taldeak denboraldia hasi zuen eta berehala taldeak partiduaren kontrola hartu zuen. Partidu hasieran eskuin egaletik Josebak pare bat barnealdi burutu zituen arriskua eraman zutenak, horietako batean penalti argia egon zen arren epaileak ez zuen ezer ez ikusi eta partiduak aurrera jarraitu zuen. Taldea aurkaria baina gehio zen eta aukerak egiten jarraitu zuen, hala ere, gola markagailura igo gabe jarraitzen zuen. Taldeak pazientziarekin jokatzen jarraitu zuen eta denboraren poderioz gola iritsi zen 1. zatiaren bigarren erdialdean. Denboraldiko lehen gola Olaizolak probokatutako penalti baten ostean etorri zen, ez da ahaztu behar aurkariak txartel gorria merezi zuela baina hobe da txapelketa honetako epaileetaz ez hitz egitea. Penalti jaurtiketa Iñurrik burutu zuen eta iraganekoa ahaztuaz gola gauzatu zuen. 1. zati amaiera bitarte taldeak bigarren gola sartu zuen eta nola ez goleatzailea Azpi izan zen Henryren antzera, badirudi aurreko klausuraz geroztik golarekin ezkondu egin zaigula aurrelaria.

Bigarren zatian gauzak berdintsu joan ziren taldeak aukerak pilatzen zituen baina aurkaria arrisku handiagoz gerturatzen hasi zen eta inertziaz taldeak atzeraka pausu batzuk eman zituen. Partidua amaitzeko 4 minuturen faltan aurkariak falta jaurtiketa batetan gola sartu zuen eta beldurra sartu zion taldeari nahiz eta zorionez garaipena lortzea lortu zen.

Goraipatzekoa da partidua hasi aurretik taldeak zituen bajak lesioen eraginez, taldeko atezaina eta kapitaina hain zuzen ere. Horregatik, azpimarratu behar da Azurren lana (hori da hori hanka atera zuena) eta baita defentsan jokatu zuten hiru jokalariena. Gustatuko litzaidake goraipatzea Erkizia jauna, normalean hegalean jokatzen du baina atzean jokatzeko gaitasuna soberakoa du eta partiduan horrela erakutsi zuen, serio dagoenean izugarrizko jokalaria da. Jarraitu horrela!

Kronika honetan ezin ahaztu uda honetan taldeak eginiko fitxaje bakarra, beste kirol batetik datorren arren pentsatzen zena baina hobeto moldatu zen eta nahiz eta normala diren akatsak burutzen dituen denborarekin ziur gaude goraka joango dela.

PD: Eskertzekoa da norbaitek entrenatzaile funtzioa burutzea...milesker Mister!

PD2: Liderraren puntu berdinak ditugu...Goazen Casus Belli!

lunes, 1 de junio de 2009

Igoera

2008-2009ko helburu nagusia lortu da. Azkeneko partidua irabazi eta C multzoko txapeldunak izatea lortu da.

Egun gutxitara urteko balorazioa izango duzue blogean.

ZORIONAK CASUS BELLI

martes, 12 de mayo de 2009

Fortuna 1-1 Casa Rodriguez

Igande goizean partidu garrantzitsua oso jokatzen zen Felix Garin futbol zelaian 2. mailarako igoerari begira, lehenak eta hirugarrenak beraien artean zuten partidua.

Partidua hasiera hasieratik trabatsua izan zen eta honelakoetan taldeari asko kostatzen zaio partiduari aurre egiten, pazientzia amaitzen hasi zen eta jokalariak buruamakur ikusten ziren. Taldeak aurrera egin nahi zuen baina aurkaria oso ondo itxi zen atzean partiduan zehar eta baloiak atzetik aurrera balonazoaz besterik ez zituzten zirkulatu. Halako batetan taldeko goleatzaileari penaltia egin zioten, partiduan aurretik jartzeko eta partidua irekiagoa izateko aukera zuen taldeak baina Iñurrik bere jaurtiketa zutoinera jaurti zuen. Beraz, partiduak berean jarraitu zuen lehen zatiaren amaierara arte.

Bigarren zatia ez zen askoz gehiago aldatu printzipio batetan, bi taldeen jarrera berdina izaten jarraitu zuen, nahiz eta halako batetan gutxien egin zuen taldeak bere aldeko gola sartu zuen, momentu horretan partidua trabatsuagoa bihurtu zen. Hala ere, taldeak izan zituen aukera batzuk berdinketaren gola lortzeko batez ere eskuin bandatik eginiko jokaldietan. Jendea urduritu zen, taldeari ez zitzaion ezer ez ateratzen eta pazientzia gutxirekin jokatzen hasi zen. Partiduko azken jokaldian Juan Joxeri falta arriskutsua egin zioten areatik nahiko gertu. Honako honetan Iñurrik ez zuen huts egin eta aurreko akatsa "konpontzea" lortu zuen. Gola garrantzitsua izan zen, aurkariari aldea mantentzea lortu zen, Bar Urtxorik galdu egin zuen eta Belkararen atzeratutako partiduaren zain taldeak aldeak mantendu eta areagotu egin ditu bere aurkariekiko partidu bat gutxiago falta denean.

Hurrengo partidua Zubietan izango da larunbatean 16:00 orduetan

lunes, 27 de abril de 2009

Casa Rodriguez 3-2 Restaurante Igela

Aspaldiko partez larunbatez jokatzea tokatu zitzaion talde amaratarrari. Ez-ohiko ordu batetan jarria zuten partidua, gaueko 21:15etan Donostiako Egia auzoan kokaturiko Matigoxotegi zelaian. Epaileak partiduaren hasiera eman zuenean taldeko zaletu gehiago zegoen jokalari baina, atsedenaldian Txomin laguntzeko prest etorri zitzaigun.

Partiduaren hasiera kontrolik gabe hasi zen, bi taldeek baloiaren jabetza ez zuten zaintzen behar bezala. Casa Rodriguezek hasiera horretan bi aukera on izan zituen, lehengoa Azpik atezainaren aurrean izan zuena eta bigarrena Iñurrik erdira atera zitzaion ezkerkada batekin. Partidua aldrebesatuta zegoen eta baloi garbiak galtzen hasi ginen inoiz galdu behar ez diren zonetan, hauetako batetan aurkako lehen gola erori zen, taldeari gerta litzaiokeen gauzarik okerrena. Taldeko kideak urduritzeko gutxi behar badute, gol honek urduritasuna areagotu zuen. Aurretik taldea gaizki ari baldin bazen, zer esanik ez gol honen ondoren. Minutuak pasatzen joan ahala eta lehen zatiaren amaierarekin batera taldea hobeto jokatzen hasi zen eta jokaldi pare bat egin zituen berdinketaren gola sartu arte. Golegilea Iban izan zen, areaz kanpoko jaurtiketa eder batekin taldeari lasaitua eman zion, a zer nolako lasaitua gainera!

Atsedeldira hortaz, lasaiago joan zen taldea, gaizki eginikoa hitz egin eta lehen zatian gaizki eginikoa berehala hobetu zen bigarren zatian. Honela, bigarren zatiko lehen jokaldian baloia pazientziarekin mugitu zen, alde batetik bestera eta honako batetan zortea lagun izan genuela Luxanek aspaldiko partez bere ezker bikaina martxan jarri zuen taldea aurretik jartzeko. Gol horrek markagailuan aurretik jartzeaz gain arerioaren hutsuneak ekarri zituen, ez ziren jakin izan aprobetxatzen golean izan ziren aukerak, baina taldeak beste sentsazio bat ematen zuen. Partidua ez zegoen inondik inora irabazita eta honako batetan aurkariak berdinketa izan zuen falta baten bidez, hemen ere zortea izan zela medio. Gola jaso eta minutura garaipenaren gola lortu zuen gure Klausurako pitxitxiak, lehen zatian huts egindakoa ondoren, honako honetan ez zuen hutsik egin, zeinen garrantzitsua izan zen gol hori, talde handiek bezala erantzun azkarra eman zen. Azpimarratzekoa bigarren zutoinera joaten garrantzia golean, txapelketa honetan defentsa askok ez dute amaierara arte jokaldia jarraitzen eta gehiagotan aprobetxatu beharko genuke hau.

Gola sartu eta amaiera bitarte urduritasuna agerian ikusi zen eta azken jokaldira arte taldeak gogor jarraitu behar izan zuen lanean helburua lortzeko. Ez dugu ahaztu behar azkeneko jokaldian jokoz kanpokoa izan arren gure hotz zegoen atezainak eginiko gelditua, goraipeko modukoa benetan.

Aste honetan partiduei dagokionez jai dugu, hortaz, lasaitasunez hurrengo partidu garrantzitsuaz hausnartzeko denbora izango dugu. Aste honetan ez da sorpresarik izan goi parteko taldeei dagokionez baina esan beharra dago lehen hiruek justu-justuan atera dituztela beraien partiduak aurrera.

Fortuna ari zaigu itxoiten horizontean...

miércoles, 8 de abril de 2009

Casa Rodriguez 8-2 Restaurante Sebastian

Aurreko igandean 3. mailako C multzoko amaratarren arteko 2. derbya jokatu zen Felix Garin futbol zelaian. Casa Rodriguez taldea 11 kidekin azaldu zen partidura, haien artean ez zegoen denboraldian lehen aldiz gure kapitaina, funtzio hori taldearen bigarren kapitainak hartu zuelarik.

Casa Rodriguezek partidua hasi aurretik hasi zuen prestatzen partidua, luzatze ariketetan (gure fisioak zuzendua!) taldean hitz egin zen ez zela berriro ere Taberna Anoetaren aurkako jarrera errepikatu behar, guztiak oso kontzentratuta zeuden partidu osoa egiteko, horien artean debutari izan genuen Olaizola jauna.

Partiduari dagokionez esan, partidua hasi eta oso gutxira Julenek atezainaren izugarrizko hutsegite bati esker taldea aurretik jartzea lortu zuela. Pozak ez zuen asko iraundu minutu gutxira Arbizu jaunak markagailuan berdinketa jarri zuen eta. Hala ere, Julenek atezainaren beste huts egiteko galant bati esker taldea berriz ere aurreratu zuen, hemendik aurrera taldea beti aurretik joan zen markagailuan. Denbora gutxira Olaizola, Gomez eta Ben zelairatu ziren zelaira (taldeko 3 katalanak) eta aire freskoa eman zioten taldeari. Halako batean, denboraldiko 2. penaltia pitatu ziguten gure alde, duda asko ondoren Gomez jaunak ederki gauzatu zuen aukera taldeari errenta handiagoa emateko. Ondorengo bi golak beranduago sartu zen Juan Joxe jaunak sartu zituen, hauetako lehena ikutu zuen lehen baloiarekin bat etorri zelarik. Markagailuan 5-1 aurretik jarri zen talde berdea, aurkako taldeko kide batek burua galdu eta kaleratua izan zen. Partidu osoa geratzen zen oraindik eta aurkako taldearen jarrera ez zen aproposa izan, partiduaren amaiera bilatu zuten eta. Atsedenaldira iritsi aurretik Ben jaunak 6. gola sartu zuen, eta bide batez estreinatu zen.

Atsedenaldian taldea oso lasai agertu zen, nahiz eta aurkako kide batzuk oso urduri zeuden. Bertan, taldearen jarrera azpimarratzekoa dela uste dut, beste partidu batzuetan egin ez duguna egin zen eta.

2. zatia lehengo zatia baina lotsagarriagoa izan zen. Hemen, Restaurante Sebastianekoek egurra alde batean eta bestean banatu zuten partidua bertan behera uztea lortu zuten arte. Tarde honetan Azpik talderen azkeneko bi golak sartu zituen, beraiena Iosuk sartu zuelarik.

Hontaz, taldeak 8-2 aldeko markagailua lortu zuen partidua bertan behera utzi zen momentuan. Baina igandean taldeak partidu garrantzitsuago bat lortu zuen, zelaitik kanpo lorturikoa. Lotsa pasatzeko moduko tangana bat suertatu zen beste taldeko bi pertsonek hasia. Azpimarratzekoa bertan Juan Joxeren jarrera eta baita noski Arbizu, Paul, Ibai, eta Iosurena. Ez dugu ahaztu behar ezta ere Motxik ederra jaso zuela ere...

Laburbiltzeko gustatuko litzaidake esatea harro sentitu beharko ginatekela erakutsitako jarreraren aurreran, igandean partidu bat baina gehiago irabazi genituen eta, ez dela gutxi jasotako probokazioen ondoren. Bejondeigula guri eta baita lotsa pasa zuten beste taldeko kidei ere, zentzu horretan zorionak guzti horiei!

Casa Rodriguez taldea 6 partiduren faltan bigarrenari 4 puntu ateratzen dizkio eta garrantzitsuagoa dena, 3 postua 6 puntura du. Hurrengo partidua 2. postuan dagoen Bar Urtxoi-Bi taldearen aurka izango dugu, bertan, igotzeko asmoak geroz eta gertuago egon daitezke.

PD: Pena bat izan zen Olaizolak eta Ben-ek denbora gutxi jokatu izana, lasai hurrengo urtean gehiago jokatuko duzuela, animo!!!

lunes, 30 de marzo de 2009

Paulaner Trintxerpe 0-2 Casa Rodriguez

Martxoko azkeneko partidua jokatu behar zuen Casa Rodriguez taldeak Oiartzungo Ugaldetxeko auzoan kokaturik dagoen futbol zelai berrian igandean goizeko 12etan, ordu aldaketa zegoela ikusia ez zeuden pegarik jartzeko moduan. Hala ere, talde guztietan egon behar da horrelako egunetan orduarekin normalean baino arazo gehiago dituena, eta gurean ez zen salbuespenik izan.

Astebeteko atsedena izan dela medio, taldeko kideek normalean baino motibazio handiagoa zuten partidu hau jokatzeko. Hasiera batetan 13 pertsona zeuden partidua jokatzeko, baina hor agertu zen talde honetako kazetaria bere eskuzabaltasuna erakutsiz bere lekua utziz beste kide guztiek joka zezaten. Azkenean, taldekide batek huts egin ondoren Azurmendi jaunak partidua jokatzea posible izan zuen. 12 jokalarien artean azpimarratzekoa da jokalari berri bat zuela taldeak, ondoren partiduan eragin handia izango zuena.

Partiduan zentratuta esan, taldeak ateratako zazpikoa "garaiz" iritsitako 8 pertsonen artean erabaki zela, Gorrotxategi jauna aulkian utziaz bere aukeraren zain berandu iritsi ziren beste 4 kideekin batera. Bazirudien gogo gutxiz edo izugarrizko errespetu falta egin ziotela berandu iritsi ziren 4 pertsonek beste taldekide guztiei beraien "pasibitateagatik". Gezurra dirudien arren, taldea hotz atera zen zelaira eta hori 7. minuturako taldeak 2 golen abentaila lortu zuela. Azpimarratzekoa gure atezainaren geldiketa partidua oraindik 0-0 adierazten zuenean partiduaren lehen minutuan. Aurreko egunean Castellonen Eñautek egindakoa egin ondoren gure atezain bikaina ez zuen gutxiago nahi izan, taldeak ederki eskertu zuen geldiketa hori, partidua erabat ezberdina izan zen eta. Aurretik esan bezala, garaipenaren bi golak partiduko lehen zazpi minutuetan lortu ziren, hemen zer esan handia udaberriko fitxajeak izan zuen, lehengo gola emanaz Azpiri (gol partiduko al zoaz Klausuran?) eta ondoren bere gol propioa sartuz hortik gutxira. 2 gol horietan taldeak ederki mugitu zuen baloia abiadura osoz kontraerasoan, jokoko beste baliabide garrantzitsu bat denez, garrantzitsua da egoera hauei ematen dieguna baino balio gehiago ematea.

Partidua erraza jarri zitzaion taldeari oso goiz, hortaz, taldeak partidua aspertzeko asmoa erakutsi zuen. Hala ere, partidua oso trabatsua jarri zen. Taldeak ez zuen gustatuko litzaiokeen baloi aina izan, eta hor sortu ziren arazoak. Zelai erdiak baloi gutxi izan zuen eta aurkariak baloiaren jabetzaren gehiengoa izan zuen. Hauetako batean 1. zatiaren erdialdea gerturatzen ari zela ikusita, berdeen taldean lehen aldaketak hasi ziren, partidua ez zen gehiegi aldatu nahiz eta denbora honetan epailearen kontrako erabaki batengatik ez balitz taldea deskantsura 3-0 emaitzaren joango zen, eta garrantzitsua dena, taldeko jokalari kuttunenak bere estreinaldia lortuko luke guztien pozerako. 1. zatia amaitu bitarte Trintxerpeko jokalariek partidua berotzeaz gain zutoin bat jotzeko denbora izan zuten.

2. zatia lehengo zatiaren modura hasi eta amaitu zen. Baloiaren jabetza Trintxerpekoentzat izan zen, eta kontrarasoa egiteko aukera berdeena. Aukera bat baina gehiago izan zuen Casa Rodriguez taldeak baina markagailua ez zen mugitu talde bien atezainen erruz. Azpimarratzekoa Iñakiren lana ere, momentu oro partiduan sartuta izan zen, kontzentrazioa amaierara arte eramanaz.

Nire partetik gustatuko litzaidake gure bi kazetariak goraipatzea (Azur eta Gomez) Gorrotxaz gain. Azurmendi jauna hasiera batetan jokatzeko ez zegoen arren eta partiduaren zati handiena konfidantza falta duen edo zuen postu batetan jokatu arren, izugarrizko partidua jokatu zuen aurretik eramanaz kontrako taldeko aurrelariek egin zitzaketen aukerak. Udaberriko fitxajeak berriz, ez zuen debut hobeagorik esperoko, eman eta sartu zuen golaz gain asistentzia bat baina gehiago eman zituen eta ikusten zaio gaitasun tekniko itzelak dituela. Eta nola ez, partiduko erabakiaz jardutean, gure Aitor Lionel Gorrotxari eginikoak ez duela izenik hitz egiterakoan ez gara motz geratzen, pena hartu genuen guztiok eta espero dugu noizbait baliotzat ematea golenbat gure Necati propioari.

Astea borobila izan da emaitzei begiratuta, lehengoak jartzea lortu da eta 3. sailkatuak ere porrot mingarria lortu zuen asteburuan. Hurrengo partidua derbia izango da Restaurante Sebastianen aurka.

Aste ona izan

viernes, 13 de marzo de 2009

Taberna Anoeta 3 - 3 Casa Rodriguez

Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau. Esaldi honen bidez laburbildu daiteke Casa Rodriguez taldeari gertatu zitzaiona igandean, goizeko 12:00etan Bar Anoetaren aurka jokatu zen partiduan. Astean zeramatzaten aurkariek talde orlegia zirikatzen eta denboraren poderioz joko berean sartu zen taldea.

Norgehiagoka hasi baino bi ordu lehenago geratuak zeuden jokalariak, antza denez partidua nola hartu behar zenarenaz hitz egiteko, baina tamalez ez zen halakorik gertatu. Lehenengo zatia hasi zen momentu berean ohartu zen Casa Rodriguez, talde indartsu bat zuela aurrean eta gupida gabe eutsiko ziola markagailuari. Joko nahasia egin zen, baloia asko loratuz eta hainbeste fruitu eman dituen lurreko jokoa baztertuz. Hegalak ere desagertuak aurkitzen ziren hein handi batean eta hau Bar Anoetaren mesederako izan zen. Hala ere, lehen zatiaren erdialdera Erkik erdiratutako baloi bat ukitu ondoren, defentsa batek bere atera bultzatu zuen baloia bat eta hutsekoa ezarriz. Azkenean, gola Erki jaunari eman zion epaileak. Gauzak berdin jarraitzen zuen eta aurkarien gol aukerak pixkanaka agertuz joan ziren, horietako batek argia ikusi zuelarik eta partida berdindua utzi zuen. Oldarkor bai, baina buru handiegirik gabe ekin zion Casa Rodriguez-ek gola jaso ondorengo minutuei. Gogortasuna nabari zen zelaian eta bazirudien beste golen bat ikustekotan, estrategia jokaldi batean iritsiko zela. Bertan agertu zen Juanjo, airean jauzi egin eta beherazko bidean zihoala, korner jaurtiketa baten ondorioz, buruz aurkariaren sarea zulatuz. Gutxi iraun zuen hala eta guztiz ere pozak, izan ere kontraeraso batean nahiz modu nahiko zorteko batean gola jaso baitzuen taldeak. Honekin batera iritsi zen lehen 25 minutuen amaiera.

Bigarren zatiari ekiterako taldeko jokalariak nahiko kezkatua ageri ziren eta urduritasuna azalerazia zegoen jadanik. Honen lekuko taldekideen artean egon ziren ohiak eta garrasiak izan ziren, itxura oso tristea eman zelarik. Jokoari dagokionez betikoan jarraitzen zuen, defentsa zorrotz bat egin zuen Bar Anoetak eta ate ingurura iristea oso zaila egiten zen. Pixkanaka ordea, aukerak pilatuz joan ziren eta hainbatetan aurkarien atezainaren erreflexuak (onak) proban jarri ziren. Jokoa bereganatua zen momentuan iritsi zen eguerdiko jipoik handiena, aurkariaren hirugarren gola alegia, kontraeraso on bat probestuz. Honen ostean taldeak berriz ere gora egin zuen baina ez zuen aurkariaren atera hurbiltzeko jokaldirik josten. Faltak ugaritu egin ziren tentsio momenturen batzuk sortuaz, eta horietako batean Iñurrik jaurtiketa bortitz baten sari, berdinketaren gola erdiestea lortu zuen. Hau partiduaren hondarrean eman zen eta beraz ez zen gehiagorako astirik izan. Aipatzekoa da talde aurkariak denbora galtzeko erabiliriko trikimailuak, anitzak izan baitziren.

Honenbestez, taulako lehen postua gordetzeko nahikoa ez den puntu bat eskuratu zuen Casa Rodriguez taldeak baina oraindik partidurik galdu gabe jarraitzen du eta hori beti da positiboa. Hurrengo astean beste kazetari bat izango da zuen artea, nik ezingo baitut partidua jolastu, ezta ikusi ere. Ondo izan eta animo asteburuan!

viernes, 6 de marzo de 2009

Casa Rodriguez 5-0 Braham

Norgehiagoka serioa jokatu zuen Casa Rodriguez taldeak eta landatutako hazien ordainak bost eta hutseko garaipen landu baten bidez jaso ziren. Esan beharra dago aurkariek ez zutela aldaketarik egiteko nahikoa partaide, baina hala eta guztiz ere, talde orlegiaren jokoa naiz emandako itxura benetan kontuan hartzekoak izan ziren txapelketaren amaierara begira.

Partidua nahiko trabatua esnatu zen, bi taldeen joko oldarkorrak azken metroetara iristeko oztopoak jartzen zituztelarik. Denbora honetan zehar areaz kanpoko jaurtiketa pare bat eta beste hainbeste erdiraketa pilatu zituen gure taldeak baina nahi zen fruituri ezin izan zen jaso. Hamargarren minutuaren bueltan ordea, Txominek jaurtiketa baten aldaratzea probestu eta baloia sare barrura bidaltzea lortu zuen markagailuan aldea hartuz. Aurkarien hauspoak betetzen hasiak ziren ordurako eta hortik aurrera gauzak errazago izan ziren, lehen zatia amaitu aurretik beste bi gol sartzea ahalbidetu baitzuten Azpik, defentsaren laguntzarekin, eta Iñurrik.

Bigarren zatian itxura berbera erakutsi nahi izan zuen taldeak, eta baita erakutsi ere! Epailearen txistua entzun eta segundo gutxietara Ibanek urrutiko jaurtiketa bortitz batekin atezaina ustekabean hartu eta baloiak bere ahaletatik at ate barrurako bidea hartu zuen. Sendo jarraitu zuen Casa Rodriguezek eta erasoak gero eta maizagoak eta arriskutsuagoak josten hasi zen. Horren lekuko, Gorrotxak errematatutako baloi bat atezaina gainditu eta defentsa batek marratik atera zuen edo Erkiziak aurkari anitzei iskin egin eta atezainaren aurrean huts egin zuen jokaldiak. Gauzak honela, berriz ere urruneko jaurtiketa batek zulatu zuen Brabham-en sarea, Luxanek bere ezker boteretsua paseatzera atera ondoren. Aukera sorta honekin batera iritsi zen partidaren amaiera eta ondorioz hiru puntuen eskurapena. Aipamen berezia egin nahi diot gure Iñakiri, lan gutxi izan bazuen ere izan zuen urria arazorik gabe konpondu baitzuen. Hiru zutoinen azpian egoteak, partiduz-partidu, konfidantza eman dio eta bere puntu ahulak izan zitezkeen gutxi horiek hobetzen doa. Bejondeizula Pake!

Hiru partidu eta bederatzi punturekin lidergotzan jarraitzen du taldeak eta momentuz sentsazio onak helarazten ari da. Datorren jardunaldia garrantzi bizikoa agertzen da aukari izango den taldearen partaideen oldarkortasuna handia izango dela espero baita. Besterik ez, aste ona igaro eta zintzoak izan!

martes, 17 de febrero de 2009

Casa Rodriguez 4-1 Belkara

Bi partidu eta beste hainbeste garaipen eskuratu ditu Casa Rodriguez taldeak txapelketako hasiera honetan. Egia esan, norgehiagoka aldapan gora jarri zen aurkariaren jokalari kopurua sei partaideetara soilik iristen zela jakin zenean baina hala eta guztiz ere bi zatien denborak seriotasunez jokatuak izan ziren.

Partiduari, azken aldian gertatzen ari den bezala, oldarkor ekin zion taldeak eta ez zen denbora alperrik igaro, hamargarren minutuaren bueltan Thorin eta Ibanen arteko jokaldi bat, lehenengoak amaitu zuena, sare barrura joan zen arte alegia. Aurkariak ez zuen ezer egin lehen zatia guztian eta Iñakik lan gutxi izan zuen, izan zuen apurra ederto konponduz. Bigarren golak ere ez zuen itxaroten egoteko gogo askorik eta horrela, Azpik markagailuko aldea handitzea lortu zuen bere ehiztari lana egoki beteaz. Aukerak oso sarritan gertatzen ziren baina aurkarien atezainak lan txukuna egin zuen eta eraso asko bertan behera geratu ziren. Honela, lehen zatiaren hondarrera iritsi ziren bi taldeak.

Bigarren zatia ildo beretik joan zen eta aukerak are eta garbiagoak nahiz denbora gutxiagoren baitakoak bilakatu ziren. Kontraerasoak biderkatu egin ziren eta atezainaren aurrean izandako jokaldiak kontaezinak izan ziren baina lehen zatian gertatu zen bezala jokalari honen erantzunak bikainak izan ziren. Hala ere, hainbeste abaguneen artean bik argia ikusi zuten Txominen eskuin hankaren gozotasuna nabaritu ostean. Aipatzekoa da azken honi eginiko penaltia, eskuzabaltasunez botatzeko Gorrotxari eskaini ziona baina berriz ere eskularruak zituenaren irudia agertu eta berau geratu zuen… lastima! Partiduaren amaierako minutuak taldekideen bakarkako dohainak erakusteko izan ziren eta honen ondorioz markagailua puztu ordez Belkararen gola jasan behar izan zuen talde orlegiak area ttipian inongo eragozpenik gabe aldaratze bat baliatu ostean.

Gauzak honela amaitu ziren arauzko berrogeita hamar minutuak eta hiru puntuak eskuratu ziren. Azken hauen ondorioz sailkapenaren gailurra lortu da eta espero dezagun txapelketaren amaiera arte bertan tinko egotea. Puntuak sakelean sartu ziren baina partiduko azken minutuetako itxura baztertu beharreko zerbait izan beharko luke datozen konpromisoetarako. Besterik ez kazetari honen aldetik, ondo igaro astea eta zintzoa izan!

domingo, 8 de febrero de 2009

Aiscumi FC 2-4 Casa Rodriguez

Hasiera ona eman dio Casa Rodriguezek bigarren mailara igotzeko ibilaldi berriari, gaur eguerdiko 12:00tan jokatu den partidan garaipena eskuratu ondoren. Bitxikeri batekin batera iritsi gara partidura, Gorrotxa eta taldeko beste lau partaide autoa ezin martxan jarrita egon baitira baterian zuen matxura baten gatibu eta honen bidez ezin izan da beroketarik burutu. Bigarren bitxikeria bezala kazetari batek atera duen argazkia izan da, ondoren DV-en agertuko dena.

Badirudi giharrak hotzak izanik ere, jokalariak dena emateko daudela Clausurako aresti honetan, izan ere, talde orlegiaren jokoa bikaina izan baita partiduaren lehen txanpan. Aukerak sortuz, baloiaren jabetza mantenduz eta lasaitasunez ekin diote norgehiagokari eta hori gutxi balitz oso aurpegi oldarkorra erakutsi dute. Guzti honen sari gisa iritsi da denbora luzez zelaietatik at egon den jokalariaren gola, Juanjorena alegia, ezkerkada batekin aurkarien atezainaren geldiketa saiakera bertan behera utziz. Denbora pasa ahala Casa Rodriguezen nagusitasuna gorantz joan da eta hori probestuz ondo eraikiriko kontraeraso batean Juanjok arearen bihotzera pase zehatz bat eman eta bertan agertu da Thorin, hainbeste lo kendu dizkion gola sartzeko ezkerrarekin baloia sare barrura bidaliaz. Momentu gozoak izan dira horiek taldearentzat, markagailuan bi eta hutsekoa ikusiaz batera joko ona egiten jarraitu dute eta. Hala ere lehen zatiaren hondarrean gola erdietsi du Aiscumi taldeak, Iñakik geldituriko erdiraketa-jaurtiketa baten aldaratzea probestuz. Honekin batera eman dio epaileak amaiera lehen 25 minutuei.

Bigarren zatian taldeak defentsa postuak erabili ditu gehienbat aurkariak baloi ugari bidali baititu Iñakiren ingurumarietara. Hala ere, ondo eutsi die saiakera horiei eta horretan zenbiltzala, Ibanek zutoina eta langa elkartzen diren lekuko armiarma-sareak garbituaz gol zoragarri bat sartu du taldeak behar zuen lasaitasuna bermatuz. Ez dira hor bukatu ordea gaur goizeko ezustekoak, aurkariaren korner jaurtiketa baten ondorioz, aurrelariak inongo eragozpenik gabe buruz gola sartu du eta. Hau izan da Casa Rodriguezen defentsako akats larri bakarra partiduan zehar. Pultsua ordea tinko mantendu du taldeak eta beldurtu ordez laugarren golaren bila ibili dira… eta baita lortu ere! Julenen alboko sake bortitz batek Azpiren burua aurkitu eta azken honek eman dion norabide bikain baten fruitu baloia atezainaren eskuin zutoinaren ondotik sartu da. Ez du askoz gehiagorako astirik eman baina esan beharra dago markagailua askoz aberatsagoa izan zitekeela epaileak pare bat penalti ikusi balitu.

Azkenean garaipen on bat lortu da eta taldeak konfiantza berreskuratzeko ongi etorriko diren jokaturiko lehen hiru puntuak sakelean gorde ditu. Besterik ez kazetari honen aldetik, aste ona izan eta hurrengo asteburuan berriz elkartzeko aukera izango dugu. Aupa berdeal!

martes, 27 de enero de 2009

Casa Rodriguez 3-2 Lagunak

Berandu antzean baina azkenean hemen daukazue Casa Rodriguez taldearen norgehiagokaren kronika. Hasieratik esan beharra dago partidu hasieran zegoen helburua bete egin zela, irabaztea alegia, baina horretarako lana beltz egin behar izan zen ustezko aurkari erraz baten aurrean.

Eguraldi traketsa eta zelai azkarra agertu ziren larunbatean jokatutako partiduan, haizeak eta euriak hainbatetan oztopatu zutelarik kirolarien pausoak. Honek guztiak eta hiru puntuen beharrak borroka latza izango zenaren susmoa zabaldu zuten jokalarien buruetan.

Partiduaren arestian aurpegi oldarkorra erakutsi zuen taldeak eta horren poderioz markagailuan aldea hartu zuen Azpiren beste ezkerkada baten fruitu. Aspaldi honetan, Juan Joxeren hutsunea bikain betetzen ari da aurrelaria, azkeneko hiru partiduetan aurkariaren atea zulatuz. Jokaldiak bata bestearen atzetik josten zituen talde berdeak A.K Lagunak-en area ingurua zapalduaz. Hala ere, eta azken partiduetan sarritan gertatu den bezala, joko ona ez zen etengabekoa izan eta aurkariei baloi errazak eskainiz gola jasotzeko beldurra sartu zen. Bertatik etorri zen bada aurkariaren berdinketaren gola, Pakok urrutitiko jaurtiketa bat geratu ondoren aldaratzea probestuz. Honela amaitu zen lehenengo zatia baina duela bi aste gertatu zen bezala, atsedenaldian hitz egindakoak indarra berreskuratzera eraman zituen taldeko partaideak.

Gauzak horrela, bigarren zatiari sendo eman zitzaion hasera eta baloia kamiseta berdeko gizonen menpe ageri zen momentu guztietan. Ez zen denbora askorik igaro, kapitainak jokaldi nahasi batean larrua hartu eta bigarren saiakera batean gola erdietsi zuen arte. Ez ziren ordea bertan amaitu Casa Rodriguez-en buru-hausteak, izan ere, bi eta batekoarekin gora joan beharrean behera egin baitzuen taldeak berriro, eta hamazazpigarren minutuaren bueltan jokoz kanpokoa gertu izan zuen jokaldi batek adostasuna ezarri zuen markagailuan. Minutu zailak izan ziren ondorengoak eta baloiak lapikora bidaltzen hasi zen talde orlegia horietako batean atea asmatuko zuenaren esperantzaz. Saiakera hauek emaitza positiboa eman zuten arauzko denborara iristeko lau minutu falta zirela Iñurrik eskuinarekin hain antsiatu zen garaipenerako kintzea lortu zuen. Honenbestez agortu ziren jokoaren 50 minutuak eta Oiartzungo espedizioak, pozik eta Tolare-k egingo zuenaren esperoan ekin zion Donostiarako bideari. Aipatu beharrekoa da Iñakik hiru zutoinen azpian egin zuen lan bikaina, denbora jokatu gabe egon ondoren eta zelaiaren azkartasuna kontuan izanik geldiketa onak egin baitzituen.

Larunbateko helburua beterik zegoela iritsi zen igande gaueko albiste iluna, Tolare-k ez zuen huts egin ondorioz, eta bigarren sailkatuak bezainbat puntu pilatu arren igoerak alde egin dio taldeari. Clausuran izan beharko da…

domingo, 11 de enero de 2009

Zelaitxo Taberna Zarautz 1-2 Casa Rodriguez

Oporretako atsedenaldia ongi etorri zaiola ematen du Casa Rodriguez taldeari, irabaztearengatik baino, zelaian erakutsiriko aurpegi berreskuratuagatik. Honen jatorri, partida hasi aurretik izan den bilkuran hausnartutako gaiak izan dira, taldeak erakutsiriko jokoan islaturik geratu direnak.

Gauzak honela, partida hasiera ona izan da eta aukerak pilatuz joan dira aurkariaren area inguruan. Horren lekuko Ibanen burukada eta Iñurriren falta jaurtiketa on bat izan dira baina atezainak erantzun ona eman die aukera garbi horiei. Berdeek ezin izan dute gola erdietsi lehenengo zatiaren erdialdea pasatu bitartean, Azpiren buruz-buruko jokaldi baten ondoren ezkerkada batez Zelaitxo Tabernaren atea zulatu duen arte alegia. Abaguneak gero eta sarriagoak ziren Casa Rodriguez-en eskutik baina lehenengo zatiaren hondarrean aurkariaren urrutiko falta jaurtiketa bortitz batek Aitor Azurmendi jauna oharkabean harrapatu eta baloia ezker zutoinaren albotik sartu da. Esan beharra dago eguzkiaren izpiek kalte egin diotela atezainaren erreflexuei. Berdinketarekin bat eta baloia zelai erditik ateratzeko astirik gabe eman dio epaileak amaiera lehen zatiari.

Atsedenaldian, burua makurtu ordez, hitz aski adierazgarri batzuen laguntzaz taldeak animoa birlortu du eta gogo biziz hasi dio ondorengo zatiari. Lehenengo 25 minutuetan gertatu den bezala, baloiaren jabetza nahiz aukerak, talde orlegiaren aldekoak izan dira. Zoritxarrez balore positibo horiekin batera ere iritsi da gol faltaren kezka jokalarien burura. Azkeneko partiduan ez bezala ordea, mamu beltz horiek beren lekuan geratu dira eta ondo jositako kontraeraso baten fruitu gisa Azpiren bigarren gola igo da markagailura. Guzti honen inguruan bi taldeen aldetiko jokaldi arriskutsuak suertatu dira, mina hartzeko zorian izan diren hainbat jokalari egon direlarik. Txomin eta batez ere Joseba Salegiren tonutik ateratako jarrerak izan dira islarik garbienak eta aldageletako bidea gertu izan du aipaturiko azken taldekideak, behin partidua amaituta onartu duen bezala.

Azken minutuetan defentsan eginiko lan bikaina azpimarratzekoa eta hitz ederrak merezi dituena izan da. Aurkariek arearen bihotzera loratu dituzten baloi guztiak elastiko berdea eta zenbaitetan gorria (atezainarena) zuten gizasemeek aldendu nahiz kontrolaturikoak izan dira. Itxura sendo honek partiduren azken hiru txistuak entzutera eraman ditu bi taldeetako partaideak eta kiroltasunez eskua emanik uxatu dituzte jokoan zehar itzulinguruka ibili diren tentsioak.

Hiru puntu sakelean sarturik atera da Casa Rodriguez Felix Garineko futbol zelaitik eta horrenbestez beste bi partidutan gailentzea geratzen zaio hainbeste amesten ari den bigarren mailarako igoera eskuratzeko. Hurrengo astean taldearen partiduaren kronikarekin itzuliko gara, ordu arte zintzoak izan.