martes, 27 de enero de 2009

Casa Rodriguez 3-2 Lagunak

Berandu antzean baina azkenean hemen daukazue Casa Rodriguez taldearen norgehiagokaren kronika. Hasieratik esan beharra dago partidu hasieran zegoen helburua bete egin zela, irabaztea alegia, baina horretarako lana beltz egin behar izan zen ustezko aurkari erraz baten aurrean.

Eguraldi traketsa eta zelai azkarra agertu ziren larunbatean jokatutako partiduan, haizeak eta euriak hainbatetan oztopatu zutelarik kirolarien pausoak. Honek guztiak eta hiru puntuen beharrak borroka latza izango zenaren susmoa zabaldu zuten jokalarien buruetan.

Partiduaren arestian aurpegi oldarkorra erakutsi zuen taldeak eta horren poderioz markagailuan aldea hartu zuen Azpiren beste ezkerkada baten fruitu. Aspaldi honetan, Juan Joxeren hutsunea bikain betetzen ari da aurrelaria, azkeneko hiru partiduetan aurkariaren atea zulatuz. Jokaldiak bata bestearen atzetik josten zituen talde berdeak A.K Lagunak-en area ingurua zapalduaz. Hala ere, eta azken partiduetan sarritan gertatu den bezala, joko ona ez zen etengabekoa izan eta aurkariei baloi errazak eskainiz gola jasotzeko beldurra sartu zen. Bertatik etorri zen bada aurkariaren berdinketaren gola, Pakok urrutitiko jaurtiketa bat geratu ondoren aldaratzea probestuz. Honela amaitu zen lehenengo zatia baina duela bi aste gertatu zen bezala, atsedenaldian hitz egindakoak indarra berreskuratzera eraman zituen taldeko partaideak.

Gauzak horrela, bigarren zatiari sendo eman zitzaion hasera eta baloia kamiseta berdeko gizonen menpe ageri zen momentu guztietan. Ez zen denbora askorik igaro, kapitainak jokaldi nahasi batean larrua hartu eta bigarren saiakera batean gola erdietsi zuen arte. Ez ziren ordea bertan amaitu Casa Rodriguez-en buru-hausteak, izan ere, bi eta batekoarekin gora joan beharrean behera egin baitzuen taldeak berriro, eta hamazazpigarren minutuaren bueltan jokoz kanpokoa gertu izan zuen jokaldi batek adostasuna ezarri zuen markagailuan. Minutu zailak izan ziren ondorengoak eta baloiak lapikora bidaltzen hasi zen talde orlegia horietako batean atea asmatuko zuenaren esperantzaz. Saiakera hauek emaitza positiboa eman zuten arauzko denborara iristeko lau minutu falta zirela Iñurrik eskuinarekin hain antsiatu zen garaipenerako kintzea lortu zuen. Honenbestez agortu ziren jokoaren 50 minutuak eta Oiartzungo espedizioak, pozik eta Tolare-k egingo zuenaren esperoan ekin zion Donostiarako bideari. Aipatu beharrekoa da Iñakik hiru zutoinen azpian egin zuen lan bikaina, denbora jokatu gabe egon ondoren eta zelaiaren azkartasuna kontuan izanik geldiketa onak egin baitzituen.

Larunbateko helburua beterik zegoela iritsi zen igande gaueko albiste iluna, Tolare-k ez zuen huts egin ondorioz, eta bigarren sailkatuak bezainbat puntu pilatu arren igoerak alde egin dio taldeari. Clausuran izan beharko da…

domingo, 11 de enero de 2009

Zelaitxo Taberna Zarautz 1-2 Casa Rodriguez

Oporretako atsedenaldia ongi etorri zaiola ematen du Casa Rodriguez taldeari, irabaztearengatik baino, zelaian erakutsiriko aurpegi berreskuratuagatik. Honen jatorri, partida hasi aurretik izan den bilkuran hausnartutako gaiak izan dira, taldeak erakutsiriko jokoan islaturik geratu direnak.

Gauzak honela, partida hasiera ona izan da eta aukerak pilatuz joan dira aurkariaren area inguruan. Horren lekuko Ibanen burukada eta Iñurriren falta jaurtiketa on bat izan dira baina atezainak erantzun ona eman die aukera garbi horiei. Berdeek ezin izan dute gola erdietsi lehenengo zatiaren erdialdea pasatu bitartean, Azpiren buruz-buruko jokaldi baten ondoren ezkerkada batez Zelaitxo Tabernaren atea zulatu duen arte alegia. Abaguneak gero eta sarriagoak ziren Casa Rodriguez-en eskutik baina lehenengo zatiaren hondarrean aurkariaren urrutiko falta jaurtiketa bortitz batek Aitor Azurmendi jauna oharkabean harrapatu eta baloia ezker zutoinaren albotik sartu da. Esan beharra dago eguzkiaren izpiek kalte egin diotela atezainaren erreflexuei. Berdinketarekin bat eta baloia zelai erditik ateratzeko astirik gabe eman dio epaileak amaiera lehen zatiari.

Atsedenaldian, burua makurtu ordez, hitz aski adierazgarri batzuen laguntzaz taldeak animoa birlortu du eta gogo biziz hasi dio ondorengo zatiari. Lehenengo 25 minutuetan gertatu den bezala, baloiaren jabetza nahiz aukerak, talde orlegiaren aldekoak izan dira. Zoritxarrez balore positibo horiekin batera ere iritsi da gol faltaren kezka jokalarien burura. Azkeneko partiduan ez bezala ordea, mamu beltz horiek beren lekuan geratu dira eta ondo jositako kontraeraso baten fruitu gisa Azpiren bigarren gola igo da markagailura. Guzti honen inguruan bi taldeen aldetiko jokaldi arriskutsuak suertatu dira, mina hartzeko zorian izan diren hainbat jokalari egon direlarik. Txomin eta batez ere Joseba Salegiren tonutik ateratako jarrerak izan dira islarik garbienak eta aldageletako bidea gertu izan du aipaturiko azken taldekideak, behin partidua amaituta onartu duen bezala.

Azken minutuetan defentsan eginiko lan bikaina azpimarratzekoa eta hitz ederrak merezi dituena izan da. Aurkariek arearen bihotzera loratu dituzten baloi guztiak elastiko berdea eta zenbaitetan gorria (atezainarena) zuten gizasemeek aldendu nahiz kontrolaturikoak izan dira. Itxura sendo honek partiduren azken hiru txistuak entzutera eraman ditu bi taldeetako partaideak eta kiroltasunez eskua emanik uxatu dituzte jokoan zehar itzulinguruka ibili diren tentsioak.

Hiru puntu sakelean sarturik atera da Casa Rodriguez Felix Garineko futbol zelaitik eta horrenbestez beste bi partidutan gailentzea geratzen zaio hainbeste amesten ari den bigarren mailarako igoera eskuratzeko. Hurrengo astean taldearen partiduaren kronikarekin itzuliko gara, ordu arte zintzoak izan.