viernes, 6 de marzo de 2009

Casa Rodriguez 5-0 Braham

Norgehiagoka serioa jokatu zuen Casa Rodriguez taldeak eta landatutako hazien ordainak bost eta hutseko garaipen landu baten bidez jaso ziren. Esan beharra dago aurkariek ez zutela aldaketarik egiteko nahikoa partaide, baina hala eta guztiz ere, talde orlegiaren jokoa naiz emandako itxura benetan kontuan hartzekoak izan ziren txapelketaren amaierara begira.

Partidua nahiko trabatua esnatu zen, bi taldeen joko oldarkorrak azken metroetara iristeko oztopoak jartzen zituztelarik. Denbora honetan zehar areaz kanpoko jaurtiketa pare bat eta beste hainbeste erdiraketa pilatu zituen gure taldeak baina nahi zen fruituri ezin izan zen jaso. Hamargarren minutuaren bueltan ordea, Txominek jaurtiketa baten aldaratzea probestu eta baloia sare barrura bidaltzea lortu zuen markagailuan aldea hartuz. Aurkarien hauspoak betetzen hasiak ziren ordurako eta hortik aurrera gauzak errazago izan ziren, lehen zatia amaitu aurretik beste bi gol sartzea ahalbidetu baitzuten Azpik, defentsaren laguntzarekin, eta Iñurrik.

Bigarren zatian itxura berbera erakutsi nahi izan zuen taldeak, eta baita erakutsi ere! Epailearen txistua entzun eta segundo gutxietara Ibanek urrutiko jaurtiketa bortitz batekin atezaina ustekabean hartu eta baloiak bere ahaletatik at ate barrurako bidea hartu zuen. Sendo jarraitu zuen Casa Rodriguezek eta erasoak gero eta maizagoak eta arriskutsuagoak josten hasi zen. Horren lekuko, Gorrotxak errematatutako baloi bat atezaina gainditu eta defentsa batek marratik atera zuen edo Erkiziak aurkari anitzei iskin egin eta atezainaren aurrean huts egin zuen jokaldiak. Gauzak honela, berriz ere urruneko jaurtiketa batek zulatu zuen Brabham-en sarea, Luxanek bere ezker boteretsua paseatzera atera ondoren. Aukera sorta honekin batera iritsi zen partidaren amaiera eta ondorioz hiru puntuen eskurapena. Aipamen berezia egin nahi diot gure Iñakiri, lan gutxi izan bazuen ere izan zuen urria arazorik gabe konpondu baitzuen. Hiru zutoinen azpian egoteak, partiduz-partidu, konfidantza eman dio eta bere puntu ahulak izan zitezkeen gutxi horiek hobetzen doa. Bejondeizula Pake!

Hiru partidu eta bederatzi punturekin lidergotzan jarraitzen du taldeak eta momentuz sentsazio onak helarazten ari da. Datorren jardunaldia garrantzi bizikoa agertzen da aukari izango den taldearen partaideen oldarkortasuna handia izango dela espero baita. Besterik ez, aste ona igaro eta zintzoak izan!

No hay comentarios: